"Ikimilikiliklik" multimedia instalazioa Biarritzen
2016ko martxoaren 5etik apirilaren 2a arte, Ikimilikiliklik - J. A. Artze-ren unibertsoa multimedia instalazioa Biarritzeko mediatekan izanen da ikusgai. Karia hortara, hainbat mintzaldi antolatuak izanen dira Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrarekin partaidetzan, Ez dok Amairu kultura mugimendu abangoardistaren hobeki ezagutzeko. Euskal kultur erakundea partaide da.
Ikimilikiliklik - J. A. Artze-ren unibertsoa multimedia instalazioa J.A. Artzeren lanean zehar egin ikusentzunezko bidaia bat da. Audio grabaketak, taula gaineko ikuskizunak eta egilearen poemak oinarri ditu. Proiektuak Ikimilikiliklik bidekidekaria izena izan zuen esperientzia artistikotik hartu du izena, Artze anaiek eta Mikel Laboak 70eko hamarkadan burututakoa. Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodríguezek zuzendutako bideo-instalazioa hau Morgancrearen ekoizpena da, San Telmo Museoaren, EHU-ko Laboa Katedraren eta Euskal kultur erakundearen laguntzarekin.
Instalazioaren karietara, Biarritzeko Euskara Zerbitzuak eta Mediatekak, EHko Unibertsitateko M. Laboa Katedrak eta Euskal kultur erakundeak Ez dok Amairu oroituz mintzaldi zikloa proposatzen dute.
Ez Dok Amairu 1965 eta 1972 urteen artean iraun duen Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista izan zen, lau urte lehenago abiatutako Euskal Kantagintza Berriaren barnean sortua. Hainbat artistek osatu zuten, abeslariek eta idazleek nagusiki : M. Laboa, JA Artze, B. Lertxundi, X. Lete, L. Iriondo, N. Basterretxea, J. Oteiza, ... Garai hortan hain azpiratua zen euskal kultura suspertu eta berritu zuen. Batez ere kultura arlokoa izan bazen ere, eragin handia izan zuen politikan, Francoren diktaduraren bukaerako garai hortan. Sekulako lan berritzailea egin zuten: euskaraz ordu arte egindako aipagarrienetakoa izan zen, eta mugarri bihurtu zen.
Elkarrizketa
Entzun Pantxoa Etchegoin-ek JoseAnton Artze-ri egin elkarrizketa, 2016ko martxoaren 4an.
Xehetasunak
- Tfnoa : 05.59.22.28.86
- Ikimilikiliklik erakusketa
- Biarritzeko Mediateka
- Mintzaldi zikloaren egitaraua (pdf)
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)